fluorescent lamp
- 1. Teknol. Elektr.
Barnetik hauts fluoreszentez estalia dagoen eta behe-presioko merkurio-lurruna duen deskarga-lanpara. Katodotik elektroiak igortzen dira, horiek merkurio-atomoen kontra talka egiten dute eta erradiazio ultramore ikusezina igortzen da. Erradiazio horrek kitzikatuta, hauts fluoreszenteak argi egiten du, eta argiaren kolorea hauts fluoreszentearen araberakoa da. Lanpara fluoreszente erabiliena hodi-formakoa da, hodi fluoreszentea. Hodi fluoreszenteak beirazkoak dira, zuzenak, eta luzera potentziaren arabera aldatzen da. Muturretan, barrualdean, wolframezko elektrodoak ditu, eta horien artean gertatzen da deskarga. Kanpoaldean, berriz, konexiorako bi ziri ditu. Pizteko eta funtzionamendua egonkortzeko, ekipo osagarriak behar dituzte. Oro har, pizteko pitzarazgailua eta egonkortzeko erreaktantzia erabiltzen dira. Hala ere, balasto elektronikoak gero eta gehiago erabiltzen dira; funtzio biak betetzen dituzte, eta argi-errendimendu hobea dute. Lanpara fluoreszenteak, gutxi gorabehera, goritasun-lanparak baino bost aldiz eraginkorragoak dira, eta batez besteko bizitza oso luzea dute.